Pedagogia
Larrazkeneko
ateraldia:
Lehen eta bigarren urtekoak
Saratik Zugarramurdira.
Lehen eta bigarren urtekoak
Saratik Zugarramurdira.

Aldi hontan gure mendiko natura zoragarriaz gozatu behar zen , besterik ez, haitz eta gaztainondoko hostoen firfira goxoa belarrietara helarazi, haize hegoaren pereka senditu, errekaren zurrumurrua aditu, larrazkeneko hori, liranja, gorria, mila kolore horiek mirestu... besterik ez.
Eta opari gisa , Zugarramurdiko harpeak, eta bistan da piknika herriko plazan!

BIGARREN URTEKOEN EKOIZPENA:
ipuin bat esku-lanetan adierazia.
HIRU OLATUAK
1 - Bazen Ziburun sorgin bat. Besteen gauzak bereganatzea zen bere grina. Beti norbaitek eskuetan zuena, eskatzen zion, beretzat nahi baitzuen. Ikusten zituen apaingarri guziak ere beretzat nahi zituen : orraziak, lepokoak. Hitz batez, ez usteko mila gauza.
Egun hartan Mattin arrantzatik zetorren, otarre bete arrainarekin. Bidean sorgina zegoen.
- Egun on Mattin, arrantza ona egin duzu egun, ezta?
- Bai, ez da gaizki izan. Lan akigarria izan da bainan merezi izan du !
Arrantzalea bere bidetik ahalik bizkorren zihoan, ez baitzuen sorginarekin mintzatzeko gogorik.
- Bainan - erran zion berriz sorginak - zergatik ez dizkidazu emaiten arrain horiek ?
- Ezta pentsatu ere, debaldetan ari zira ! - erantzun zion Mattinek, haspertzen hasia - zoazi hemendik, atsoa!
2 - Hori erranik, sorginak aldegin zuen eta arrantzalea bere bideari lotu ziztzaion. Gibeletik sorginak ez zuen bere kexua gordetzen ahal.
- Madarikatua! Erran dizkidazun hitz horiek pagatuko dituzu!
Ondotik sorgina joan zen bere alaba eta bere lagun baten xeka. Hiruak elkartu ziren.
- Mattin arrantzaleak bota nau, ez daut eman nahi izan bere otarrea eta atsotzat hartu nau ! Hau ezin diot barkatu !!
- Ez! Guk ezin diogu barkatu - erantzun zuten beste sorginek.
- Bihartik, itsasora itzuliko delarik, bere beha egonen gira. Hiru olatu hilkor sorraraziko ditugu bere aurka. Lehenak kezkatuko du. Bigarrenak beldurrez dardaraka ezarriko du. Eta hirugarrenak hondatuko du.
Hiruak jauzika hondartzara joan ziren.
3 - Bainan, murru baten gibelean gorderik, Takiok, Mattinen auzokoak, sorginen asmoa entzun zuen. Bere adixkidearengana joan zen berri emaitera.
- Bihar, zu arrantzan ari izanen zarelarik, sorginek hiru olatu erraldoi igorriko dituzte zure aurka. Zure lekuan, ez nindaike joanen.
Mattin pentsaketan aritu ondotik, erran zion bere lagunari :
- Olatuak beti arriskutsuak dira, bainan ez naiz lehorrean geldituko, sorginak hori erran duelako.
4 - Biharamunean, itsasoratzea erabaki zuen Mattinek eta sareak prestatu zituen. Takiori laguntza galdegin zion eta lagunak onartu zuen, ez baitzuen aitortu nahi sorginaren beldur zenik.
Goizean biak itsasora abian ziren. Arrantzan hasi bezain laster, han ikusi zuten zuzen-zuzen zetorkien olatu erraldoia.
- Kasu Takio, hemen dugu lehena !!
Olatua iritsi zen, inarrosi zuen txalupa eta desagertu zen.
- Laster bigarrena jinen zauku! - erran zuen Takiok iziturik.
- Hor dugu, adixkide Takio ! Hau lanjerosagoa izanen da !
Bigarren olatua lehena baino haundiagoa zen. Olatuak ezkerrera makurtu zuen txalupa, gero eskuinera, berriz azkarki inarrosi zuen desegin nahi balu bezela. Bainan hau ere aintzinera joan zen.
5 - Mattin eta Takio beren izialduratik ateraiak gabe oraino zirelarik, han ikusi zuten jaikitzen hirugarren olatua. Aintzinekoak baino haundiagoa zen, beltzagoa, ikaragarriagoa.
- Erne! dio Mattinek - huts ttipi bat eta hilak gira!
Hirugarren olatua laster hurbiltzen ari zen. Mattinek bere arpoia hartu zuen eta txaluparen barnean lotu zuen. Takiori galdetu zion lemari azkar eusteko. Iritsia zen olatua. Txalupa eta arrantzaleak antxu galduak ziren. Olatua gainetik zetorren, txalupa hondatzera eta gizonen irenstera. Biak ixilik ziren.
Orduan olatua pare-parean zutelarik, Mattinek indar guziarekin, arpoia jaurtiki zion. Olatuaren bihotzean sartu zuen. Bat-batean garrasi izigarria entzun eta olatua gorria bihurtu zen. Bainan olatua haunditu eta itsasontziaren gainera erori ordez, baretu zen eta txalupa hunkitu gabe, desagertu.
Mattinek eta Takiok elkar besarkatu zuten pozez. Irabazi zuten, olatua eta sorginak menperatu zituzten! Honen ondotik ez ziren gehiago arrantzan ari izan eta azkar portura itzuli ziren.
6 - Ondoko egunetan, zer erran haundiak zituzten Ziburuko hondartzan, nundik zebilen beti eske ari zen emaztea. Zapeta bat utzi zuen hondartzan. Bainan nehork ez zuen gehiago ikusi.
Laster herritarrek ulertu zuten zergatik sorginaren alaba eta bere laguna beltzez jauntzirik ibiltzen ziren eta zergatik egunero joaiten ziren negar egitera itsas-bazterrera.
Bukaera
Ezkia Ikastola - 3 Lapurdi Plaza - 64240 Hazparne - Tel/Fax: 05.59.29.14.18